Olatz Irigarai

Olatz Irigarai Alduntzinek Leioako (Bizkaia) EHU-UPVko fakultatean, Arte Ederretako ikasketak egin zituen. Ondoren, artista donostiarrak UNEDen Filosofia ikasi zuen. 2019an, Singapurren grabatu ikasketak egin zituen eta bertan bi urtez txinatar kaligrafia ere ikasi zuen. 2021ean, New York-eko MOMA museoan, “Postwar Abstract Painting” (Gerraosteko Pintura Abstraktua) ikastaroa egin zuen.
Hasierako garaian, sortzaile lanetan aritu zen etaSantanderko “Zoom” markarentzat argazkilaria izan zen. Geroago, Donostiako “Mo” enpresarentzat moda-estanpak diseinatu zituen, eta garai berean serigrafia edizio ezberdinak ere sortu zituen. Hamaika urtez, Donostiako Foto VIP estudioaren arduraduna izan zen, diseinu digitalak sortuz eta eginez. Gero Asiara bizitzera joan zen, eta hainbat urtez Singapurren bizi izan zen. Bertan, eskola eta arte-komunitate ezberdinetan, hainbat hezkuntza-proposamen pedagogiko bultzatu zituen.
Olatz Irigaraiek bere lanak hainbat aldiz erakutsi ditu. Besteak beste, 1996an Andoaingo Urgaingo Kultura Etxean “Bil-huts” aurkeztu zuen, eta hurrengo urtean, Pasaia San Pedron “Miríadas” erakusketa kolektiboan parte hartu zuen. Herri berean, “12 cm” erakusketaren hainbat ediziotan parte hartu izan du erę. 2019an, Singapurreko NPE galerian “Ama” izeneko bilduma aurkeztu zuen. “Cavities” lanarekin “Printmaker's Assembly” erakusketarako hautatua izan zen, eta 2020an STPI (Singapore Tyler Print Institute) erakusketan parte hartu zuen. Urte berean, “Bersama I” (malaysieraz “batera” esan nahi du) aurkeztu zuen The Substation galeriako erakusketan, eta “Bersama II” The Arts House Aretoan, biak Singapurren.
2021ean parte hartu zuen “Todas somos artistas afganas” erakusketa kolektiboan, Sevillako Udaletxean. Urte berean, Bartzelonako Abartium galeriako “Erakusketa Kolektibo Garaikidea” izenekoan ere aritu zen. 2022ko martxoan, berriz, Donostiako Okendo Kultur Etxean egin zen erakusketa kolektiboan parte hartu zuen: “Lau… Pausoa printza, hegoa bakalau”.
