Iker Valle

Andoain, 1976

Iker Valle Bravo Donostian bizi den diziplina anitzeko artista da. Bere ibilbide artistikoa 2001ean, Ekain Galeriako talde erakusketan parte hartuz, hasi zuen. Ordutik, bere arte-lan sorkuntzak bilakaera koherentea izan du; bere lanean naturarekin, funtsezko elementu gisa, askotariko teknikak eta materialak aztertuz.

Andoainko egileak bere estudioan, ikerketan, iragankortasuna eta bibrazioa bezalako kontzeptuak ikertzen ditu, sorkuntza bakoitza isiltasun eta hausnarketarako espazio gisa jorratuz. Bere prozesu artistikoa ikaskuntza etengabea da. Bai arlo piktorikoan, bai pertsonalean, ingurunea eta bere adierzpen bisuala hobeto ulertzen saiatuaz.

Bere azken lanek, Naturaren bibrazioak serieak kasu, ingurune naturalarekin duen lotura sakona erakusten dute. Forma eta kolore delikatuen bidez, mistikatik hurbil dagoen hizkuntza ekartzen du gogora bere lanak, gizakiak naturarekin duen deskonexioari buruzko hausnarketara gonbidatuz.

Bakarkako erakusketa anitz egin ditu hainbat espaziotan; “Vers L’Impermanence” (Galerie 63th Avenue, Toulouse, 2025), “Bibrazio intimoak” (Portalea, Eibar, 2024) eta “Aware” (Sala tTok, Ustaritz, 2024) nabarmenduz. Talde erakusketa ugaritan parte hartu izan du hemen eta Frantzian, eta hainbat sari eta egoitza artistiko jaso ditu; besteak beste, Ipar Euskal Herrian.